Uribe Kosta Butroe Biotopo babestua sortzeko eskaera

Kategoria gurasoa: Sopela Kategoria: Ama Lurra Noiz sortua: Ostirala, 21 Maiatza 2010 Argitaratua: Ostirala, 21 Maiatza 2010
kostaldeaAste honetan Bizkaiko talde ekologistek eta naturzaleek Butroe ibaiaren estuarioaren aberastasunaren kontserbazioa ziurtatzen duten baldintzak sortzea eskatu diete administrazio publikoei. Hona hemen horretarako aurkeztu duten txostena eta Ekologistak Martxan elkartearen webgunean agertzen diren adierazpenak: 
 
Euskal Herriko legeriaren arabera Biotopo Babestua balorazio berezia merezi duen naturgunea da, babestua izateko sortua. Uribe Kosta eskualdea balioetsi eta babestu beharreko eremua da, ingurumen, zientzia, historia eta kultura balio handikoa.
 
Uribe Kosta Butroe maila ertaineko eraldaketa antropikoa duen eremua da, oraindik ere gordetzen dituen natura balio horiexengatik azken urteotan giza presio handiagoa jasan duena. Horrela, kostaldeko hainbat hirigunetan, Plentzian eta Gorlizen kasu, populazioa biziki handitzen da udako hilabeteetan, eta horrekin batera zerbitzu beharrak ere (bizitetxe, aparkaleku, kiroldegi, merkatalgune, garraiobideenak...). Uribe Kosta Butroe “belaunaldi berriko bizitegi area” horietako bat da, Bilbo Metropolitarretik eta honen lantegi eremutik gertu egoteagatik eta ingurumenaren egoera hobeak ematen dion bizi kalitate hobeagatik. Beraz, hiriburuaren biztanle askok Mungia, Plentzia, Urduliz, Lemoiz, Gorliz...bezalako lekuetan hartu du egoitza. Euskal Herri osoko itsasertzeko ingurumena arrisku larrian dagopresio demografiko honen ondorioz.

Uribe Kosta Butroek maila handiko natur balio ukaezinak ditu, gorde eta lehengoratu beharrekoak.

Butroe ibaiaren estuarioa da, zalantzarik gabe, ingurumen kalitate bereziko eremu honen ardatz nagusia. Estuarioei balio aparta aitortzen zaie esklusibitate handiko espezie askoren kokagune eta produktibitate handiko ekosistemak izateagatik (Europar Batasuneko intereseko 13.2 habitat Habitaten Zuzentarauan 92/43/CEE), bertan era eraginkorrean lotzen baitira hiru ingurune hauek: ibaitarra, itsastarra eta lehortarra. Hegazti espezie negutar eta migratzaile askok hartzen dute babesa eta elikadura bertan, balio ekologiko eta ekonomiko handiko arrain espezie askorenugalketa leku berean.

Bestalde, estuarioek habitat aniztasun handia eta bere-berezkoa dute, haien artean marearteko lohi edo hondarrezko lautadak, bigarren mailako ur geldiagoko kanalak eta padurak (11.25, 14, 15.11, 15.12, 15.16, Habitats zuzentarauan).

Estuario honi zenbait ikerketak ematen diote goiko mailako balioa, Txingudikoaren parekoa, Urdaibaik soilik gainditzen duena (EAEren Hezeguneen Lurralde Arloko Plana).

Butroeren balio nagusia naturaltasun maila altua da, ibilbide ia osoan hirigintza jarduera itzulezinik gabe bere morfologia gorde baitu haren ibilguak, Txipio eta Ostrada bezalako padurekin eta marearteko gune zabalekin.

Gainera, haren birsorkuntza gaitasun handia, Isuskiza bezalako padura guneetan agerikoa, hobetu daiteke leku askotan mareari bere dinamika berreskuratzen utziz eta orain silbikulturari edo utzikeriari emanak diren ibai bazterretan segida ekologikoari bide emanez.

Butroe ibaiaren estuarioarekin batera balio bikain gehiago dago eskualde honetan: Barrika eta Gorliz-Armintzako itsas labarrak etauhartea,-Billano - (18.21 Habitats Zuzentarauan), Barrikakoa bezalako itsasertzeko txilardiak (64.1, 31.11 eta 31.234, Zuzentarauan), badia eta hondartzak,-Astondo, Gorliz-Plentziako badia-hondartzak eta Barrikako kalak- ( 21, Zuzentarauan), duna sistemak,-Astondoko duna zementatu eta higikorrak, Barrikako duna altxatuak eta Gorlizko duna antropizatuak-,(16.212 eta 16.29, Zuzentarauan), artadi kantauriarra, hedapen potentzial handikoa,-garapen handiago edo gutxiagoko guneak Gorlizen-, (45.3, Zuzentarauan), harizti azidofiloa, barnealdean potentziala eta orain oso degradatua (41.51, Zuzentarauan), zuhaitz bakarrak,- Gorlizko artea, Barrikako hariztia eta Lemoizko artelatz-basoa-, Butroe ibai sistema,ibai haltzadia(44.3, lehentasunezkoa Zuzentarauan), singulartasun geologiko handiko areak, etc.

Honek guztiak kalitate handiko paisaia ederra osatzen du, mendi erliebea itsasertzak eta itsas giroa elkartzen dituena.

Halaber, gogoratu behar dugu eskualde honen historia luzea, Kurtzioko aztarnategian lehenengo zantzuak utzi zituena, Bilbo sortu aurreko herri egonkorrak finkatu zituena eta Erdi Aroan (Muxik-Butroe leinua) untzigintza eta nabigazioaren bidez garrantzi berezia izan zuena.


 
 

 

Bisitak: 3377
0
0
0
s2smodern

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu