2018ko urtarrila: azken ostirala Sopelan

Kategoria gurasoa: Sopela Kategoria: Anti-errepresiboa Noiz sortua: Osteguna, 25 Urtarrila 2018 Argitaratua: Osteguna, 25 Urtarrila 2018

Sopela etxeraHile bakoitzeko azken ostiralean egiten den bezalaxe, gaur, hilak 26, elkarretaratzea egingo da Sopelan, herriko presoak eta iheslariak herriratzeko asmoz.

Hitzordua zortzietan izango da udaletxeko plazan: KALEAK, ETA TABERNAK HUTSIK, PLAZA BETE! goiburupean.

Oraingo honetan hausnarketa egingo da Ibon Iparagirren egoeraz eta dispertsioak eta urrunketak dituen ondorioez. Hona hemen Etxerat Elkartearen hausnarketa hitzez hitz:

Gaixotasun larria eta sendaezina pairatzen duela, berez dagokion baldintzapeko askatasunaz abokatuek egindako eskaera Zaintzako epaileak ukatu ondoren, iragarri bezala, Ibon Iparragirre Arrasateko Aita Menni zentrora eraman dute. Ibon Iparragirre euskal preso politikoaren egoera muturrekoa da, gaitzaren fase terminalean dago eta, legea aplikatuz gero, aske egon beharko luke.

Hartutako erabakiarekin, Ibon Iparragirreren askatasuna ekiditeko modu aproposa aurkitu du Zaintzako epaileak eta bide batez, espainiar Barne Ministeritzak iragarritako neurriekin bat dator bere ebazpena; gaixo larri dauden presoak espetxean mantentzea alegia, hilzorian izan arte.

Gaixotasun larriak pairatzen dituzten presoen gaineko nazioarteko gomendioei, zein Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetako adierazpen instituzionalei, edota sindikatu ororen akordioei eta batez ere euskal gizartearen gehiengoaren borondateari erantzunez, hauxe izan da Espainiako Gobernuaren zoritxarreko erantzuna.

Bitartean, duela gutxi aske gelditu den euskal preso politiko baten amak, 100€-ko isuna jaso du espetxe aurrean itxaroten egotegatik. Beste behin ere zentzugabekeria erakutsiz, presoaren bila joandako senide eta lagunak espetxe aurrean egote horrek zigorra jaso du, komunikatu gabeko elkarretaratzea leporatzen diotelako. Oraindik ere ezin ditugu ahaztu gu jipoitzeko eta kolpatzeko deituriko hainbat deialdi eta elkarretaratze eta galdetzen diogu gure bururari holakoetan isunak jarri ote ziren.

Bitartean, dispertsioak eta urrunketak ondorioak izaten dituzte, bai preso zein haien senide eta lagunengan. Joan den asteburuan, Villenako espetxean Gotzon bere semeari bisita egin aurretik, Jose Aranburuk ezuste larri bat jasan zuen hoteletik atera orduko. Ospitaleratu egin zuten eta bisita galdu egin zuen. Aurreko baten gertatu bezala, bere semea ikusteko egin beharreko 720 kilometro horiek ondorioak izan dituzte Jose Aranbururen kasuan.

Jakitun gara gu guztiok muturreko egoerak pairatzea baino ez dutela nahi, espainiar eta frantziar gobernuek muturreraino eraman nahi dute gure sufrimendua, bai euskal preso politikoena, zein haien senide eta lagunena. Horregatik, presoak gerturatzeko abian diren zurrumurru eta aurreikuspenen aurrean, zuhur mantentzen gara eta seguru dakigun gauza bakarra zera da, lanean jarraitu behar dugula; senide eta lagunak informatu, urrunketak eragiten dituen ondorioak ezagutarazi eta salbuespeneko espetxe neurri krudelak pairatzen dituzten pertsonei ahalik eta laguntza handiena eskaini. Testuinguru horretan, gaur adin nagusiko pertsonengan urrunketak duen eraginaren inguruko lana aurkeztu dugu modu publikoan. Bere garaian, adin txikikoekin egin genuen moduan, urrunketak pertsona ahulenengan duen eragina jakinaraztea dugu helburu.

Jakin badakigu posible den beste jokaleku bat hain urrun ez dagoela, baina ez da batere erraza izango zeren Espainiako Gobernuak politikoki errentagarria ez zaion bakea ez du nahi, nahi ez duen bakeari uko egiten dio. Zenbat eta gertuago egon, orduan eta zailtasun gehiago izango dira. Horregatik, ezinbestekoak zaizkigun arnasa eta ilusioa ez ditugu galduko..... Lortuko dugu!.... Euskal preso eta iheslariak etxera!

Bisitak: 556
0
0
0
s2smodern

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu