Hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua eta horretarako sopeloztar asko AHOBIZI edo BELARRIPREST izango dira / gara azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte. Merezi du Sopelako benetako datuak ezagutzea egun hauetan “ausarta” eta eraginkorrak izan gaitezen konplexurik gabe.
Sopela euskalduna da. Pentsatzen duguna baino askoz gehiago
EUSTATek, ofizialki bost urtero argitaratzen ditu euskaldunen, ia euskaldunen eta erdaldunen datuen kopurua. Azken errolda ofiziala 2016koa da eta Sopelako datuak harrigarriak dira:
Sopelako Euskaldunak: % 46,83... eta ia euskaldunak %24,12
Sopelan badago euskaraz hitz egiteko gai den biztanle kopuru handia,: %46,83 euskalduna da, alegia, 5.769 sopeloztar eta gainera gehienak alfabetatuak (4.961). Honez gain, 2.971 sopeloztar “ia-euskaldunak” dira. “Ia-euskaldun” zer den zehaztea ez da erraza; baina Sopelako %24,12 kokatzen da talde honetan. Ez dugu jakingo oso ondo talde honen euskara maila nolakoa den, baina ondorio bat argi dago: euskaldun eta ia-euskaldunen baturak (%46,83 + %24,12) argi uzten du 4 sopeloztarretatik ia hiruk, %70,95 alegia, euskarazko oinarrizko maila baduela. Erdaldunak %29,05 dira: 3.578 pertsonak.
Ez dugu aitzakiarik
Datu ofizialak ikusita, ez dago zalantzarik, Sopelan egunerokoan badago euskaraz aritzeko sekulako aukera. Ez dago aitzakiarik: bada garaia euskara barra-barra erabiltzeko, eta 9-10-11-12 egun izatetik, euskal “hamaika” egun, “hamaika” egoera, “hamaika” harreman izan daitezen aurrerantzean EUSKARAZ.