Euskara

Sopelan, PNVk eta PPk ezetza eman diete euskararen erabilera normalizatzeko beharrezkoak diren aldaketei.

Kategoria gurasoa: Sopela Kategoria: Euskara Noiz sortua: Astelehena, 01 Iraila 2014 Argitaratua: Astelehena, 01 Iraila 2014

sopelan euskaraz biziSopelako udalean PNVk eta PPk ezetza eman zieten azken udal osoko bilkuran euskareren erabilera normalizatzeko plana gauzatzeko beharrezkoak diren aldaketei. EhBILDUk kudeatzen duen udal gobernuak tamalgarria deritzo jarrera honi, "horren ondorioz, bermatu gabe jarraituko baitu jendaurreko hainbat zerbitzu euskaraz ere eman ahal izatea".

Azken Udal Osoko Bilkurak erabaki behar zuen hainbat lanposturen hizkuntz eskakizunak aldatu eta beste hainbati derrigortasun data jartzea, EhBILDUk kudeatzen duen  udal gobernuak bideratutako proposamenaren arabera. Aldaketa horien helburua Udalean euskararen erabilera normalizatzeko 2013-2017 plana betetzea ahalbidetzea da. Euskara Planak, Udalbatzak berak orain dela  urte bat (2013ko irailaren 24an) onartu zuenak, hainbat lanpostuk duten hizkuntza eskakizuna egokitzearen beharra aurreikusten zuen, orain arte jarritako eskakizunak ez baitu bermatzen lanpostu horiek esleituta dituzten eginkizunak betetzeko behar den euskararen ezagutza maila. Aldaketa horietariko batzuk Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikako Sailburuordetzak berak eskatutakoak dira, hala nola, Kulturako teknikariei eta Udaltzain-buruari 3. Hizkuntza Eskakizuna jartzea, egun 2. dutelarik. Planak, halaber, eskolako atezainen hizkuntza eskakizuna 2.a izatea aurreikusten du, beste hainbat Udaletan bezala, egun 1. hizkuntza eskakizuna baino ez dutelarik.

Bestalde, euskararen normalizazioan aurrera egiteko, orain arte euskararen ezagutza derrigorrezkoa ez duten hainbat lanposturi derrigortasuna jartzearen beharra aurreikusten zuen planak, hala nola, herritarren arretarako zerbitzuko bi lanposturi, liburutegiko biri, administrari bati, administrazio orokorreko teknikari bati eta hirigintza eta lan eta zerbitzuetako arloko bi teknikariri, guztiek ere herritarrekin harreman zuzenak dituztenak eta Udalean bideratzen diren prozesu administratiboetan ere kokapen erabakigarria dutenak.

Halaber, Udalak lanpostu horietan dauden langileek, batzuk euskaldunak edo ia euskaldunak izan arren, behar duten prestakuntza eta ikastaroak antolatzeko zailtasun handiagoak izango ditu. Langile horiek betetzen dituzten lanpostuetan euskara beharrezkoa ez izanik, HAEE-IVAPek antolatzen dituen ikastaroetan eta Jaurlaritzak ematen dituen diru-laguntzetan langile horiek ez dutelako lehentasunik izango.

Udaletxean euskaraz normaltasunez aritzeko beharreko ziren aldaketa hauei EAJren 7 zinegotziek eta PPren zinegotzi bakarrak aurkako bozka eman zieten.  PSEren bi zinegotziek abstentziora jo zuten eta EhBILDUren zazpi botoek ezin izan zuten aurrera atera beharrezkoak ziren aldaketa hauek. Lanpostuen zerrendaren aldaketarik gabe, Udalak bermatu gabe jarraituko du euskararen erabilera normalizatzeko kritikoak diren lanpostu horietan langile euskaldunak egotea, nahiz eta horietariko lanpostu batzuetan, egun, langile euskaldunak edo ia euskaldunak egotea suertatu den, derrigorrezkoa izan ez arren.

 

 

Add a comment
0
0
0
s2smodern
powered by social2s

Sopelako udala aitzindaria .eus domeinuan

Kategoria gurasoa: Sopela Kategoria: Euskara Noiz sortua: Asteartea, 01 Uztaila 2014 Argitaratua: Asteartea, 01 Uztaila 2014

puntueus

Sopela aitzindaria

.EUS domeinua apirilean hasi zen lanean, eta ekainaren 28an 92 erakundek (erakunde publiko, elkarte, enpresa,  norbanako...) .EUS domeinua erabiltzen hasteko aukera izan dute, hots, 92 erakunde aitzindariak dira. Aitzindari hauetariko bat Sopelako Udala da, Bizkaiko udal bakarra.

Zer da .EUS?

.EUS domeinua, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitateaern Interneteko lehen mailako domeinua da. Bere helburua euskara eta euskal kultura sustatu eta Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea kohesionatzea da. .eus, hortaz, tresna bat da, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen duena, euskararen normalizazioan lagunduko duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona.

Nola funtzionatuko da www.sopela.eus?

Sopelako Udalaren web orriaren helbide berria www.sopela.eus izango da aurrerantzean. Orain arte, udal webgunearen helbidea www.sopelana.net izan da, baina herriko izen ofiziala aldatu zenez urtarrilean, Udalak web orriaren helbidea aldatu behar izan zuen. Hasiera batean, .EUS domeinua aurre-registro egoeran dagoenez, www.sopela.eus helbideak www.sopelaudala.org helbidera berbideratuko du, baina Udalak modu ofizialean www.sopela.eus erabiliko du eta helbide horri emango dio lehentasuna agiri guztietan. www.sopelana.net helbideak ere helbide horretara bideratuko da automatikoki.

Eta gure web orria: sopela.net?

Gure web orria, sopela.net, 2009ko azaroan jarri zen abian. Une horretan Sopela herriaren izen ofiziala Sopelana zen, eta gainera PNVko buruzagiak oso gogor eta mespretxuz oldartzen ziren Sopela izenaren aurka. Sopela.net-en aritzen garenok, bi helburu genituen, batetik, informazio arloan Sopelan ezkutuan zegoen bestelako errealitatea kontatzea, eta bestetik, Sopelena  SOPELA zela normaltasun osoz aldarrikatzea. Zorionez bigarren helburu hau lortuta dago, eta ziurrenik uda pasatutakoan eta eus. domeinuaren garapenaren arabera, gure web orriaren izena aldatzea aztertuko dugu. Informatuko dugu.

Add a comment
0
0
0
s2smodern

Sopelako euskaltzaleon urteroko hitzordua: Esaera Zaharren XXI. Txapelketa

Kategoria gurasoa: Sopela Kategoria: Euskara Noiz sortua: Astelehena, 24 Martxoa 2014 Argitaratua: Astelehena, 24 Martxoa 2014

2014 esaera zaharrak

 

Sopelako eta eskualde osoko euskaltzaleon ezinbesteko hitzordua izango da datorren larunbata, martxoak 29.

Sopelako AEK-k antolatuta aurtengoa bere XXI. edizioa izango da, eta urtero bezala, giro jatorra eta euskalduna biziko da herriko txoko guztietan. Goizean, euskaraz blai,  trikitilariek, bertsolariek eta nola ez, txapelketan parte hartuko duten lagunek herriko kaleak eta tabernak alaituko dituzte. Eguerdian bazkaria izango da giro onean, eta arratsaldean bertsolariei entzunez finala jokatuko da.

Txapelketan parte hartzeko taldeak osatu behar dira (2-4 kide, 16 urtetik gorakoak) eta parte hartzaileek aldez aurretik 100 esaera zahar ikasi beharko dituzte. Txapelketan, bertsoei dagozkien esaerak asmatzea da gakoa, horretarako, bertsoak kantatuko dizkiete bertsolariek taldeei, ordena jakin batean, eta taldeek bina bertso edo gehiago entzungo ditu. Bertsoa behin edo bitan abestuko da, eta orduan minutu bateko epea emango da esaera botatzeko, eledun bakarraren bidez.

Harremanetarako: 618 574 445 - 695 774 015 edo  Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. eta Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Add a comment
0
0
0
s2smodern

V. Mapa Soziolinguistikoa argitaratu da. Sopelako datuak

Kategoria gurasoa: Sopela Kategoria: Euskara Noiz sortua: Azteazkena, 09 Apirila 2014 Argitaratua: Azteazkena, 09 Apirila 2014

eustatAraba, Bizkaia eta Gipuzkoako V. Mapa Soziolinguistikoa argitaratu da egun hauetan 2011ko datuetan oinarrituz.

Mapa honek azalarazten dituen datuez eta errealitateaz hausnarketa asko egin daitezke eta egin behar dira; guk Sopelako datuak argitaratzen ditugu “Eustat-Udalmap” delakoan oinarrituz.

Euskaldunak: %41,82
Sopelan badago euskaraz hitz egiteko gai den biztanle kopuru handia, %41,82 euskalduna da, alegia, 4.928 sopeloztar eta gainera gehienak alfabetatuak (4.017).

Ia-euskaldunak: %32,82
3.864 sopeloztar “ia-euskaldunak” dira. “Ia-euskaldun” zer den zehaztea ez da erraza; baina Sopelako %32,82a kokatzen da talde honetan. Ez dugu jakingo oso ondo talde honen euskara maila nolakoa den, baina ondorio bat argi dago: euskaldun eta ia-euskaldunen baturak (%41,82 + %32,82) argi uzten du 4 sopeloztarretatik hiruk, %76,64a alegia, euskarazko oinarrizko maila badutela, beraz inolako zalantzarik gabe esan daiteke oinarrizko gaitasuna badagoela euskaraz aritzeko oinarrizko elkarrizketetan. Erdaldunak, 2.977 pertsona dira, %25,30

Ama hizkuntza euskara: %14, eta ama hizkuntza euskara eta erdara batera: % 9,5
1.652 sopeloztarrek dute euskara ama hizkuntza bezala eta beste 1.119 herritarrek euskara eta gaztelera izan dute ama hizkuntza. Datu hauek adierazten dute Sopeloztar asko euskaldunak direla, baina hauetariko askoren ama-hizkuntza ez dela euskara. Ondorioa argia da, lagun askok euskara ikasi dute, euskararen aldeko jarrera nabarmena dute eta gai dira euskaraz egiteko, baina zailtasun handiak daude hizkuntza ohiturak aldatzeko: txikitandik sortutako erdal ohiturak ez dira egun batetik bestera aldatzen, askotan ez dakigu aurrean dugun auzokidea euskara dakien ala ez...

Erabilpena
Eustatek ez du datu ematen, baina ez da sekulako azterketa soziologikoa egin behar jabetzeko Sopelako kaleetan entzuten diren elkarrizketa gehienak erdaraz direla; alegia, alde handia dagoela ezagutza eta erabilpenaren artean.

%10,23 etxean erabiltzen du nagusiki euskara eta %11,58 erabiltzen ditu biak.
Kalean ez ezik, familia giroan ere, euskara gutxiago erabiltzen da gaztelaniaz baino.

%2,6, beste ama hizkuntza
Agian estatistikoki datua ez da esanguratsua, baina kontuan hartzekoa bada, askotan oharkabean pasatzen delako: 306 sopeloztarrek (%2,6) badute beste ama-hizkuntza euskara eta gaztelera ez dena, eta %1,68 etxean beste hizkuntza bat erabiltzen dute (198 lagun).

Mapa soziolinguistikoak emandako datuak inportanteak dira oso... instituzioek, norbanakook, enpresak, merkataritzak, zerbitzuek, eragile sozialek… hausnarketa sakona egin beharko dute eta euskararen aldeko ekimen ausartuagoak eta eraginkorragoak hartu. Sopelan kokatuz ondorioa argia: Sopelan badago aukera ederra euskararen erabilpena askoz gehiago sustatzeko eta horretan guztion esku hartzea beharrezkoa da, batetik dakigunok gehiago erabiliz eta, bestetik, ez dakigunei noizbait - zerbait eskatu beharko zaie…

Add a comment
0
0
0
s2smodern

Sopela izen ofiziala gero eta gertuago.

Kategoria gurasoa: Sopela Kategoria: Euskara Noiz sortua: Astelehena, 09 Abendua 2013 Argitaratua: Astelehena, 09 Abendua 2013

sopelaGure herriko izen ofiziala izateko bidean "Sopela"-k urrats berria eman du egun hauetan, oraingoan Bizkaiko Batzar Nagusienetan.

Euskaltzaindiaren eskaera, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Normalkuntza Sailaren eskaera, eta batez ere, sopeloztar askoren eskaera gure herriko izen ofiziala Sopela izan zedin, jaso zen 2013ko otsaileko udal osoko bilkuran, eta BILDUk eta PNVk baietza eman zioten Sopela izenari. Bozketa hartan PSOEk eta PPk abstenitu egin ziren.

Oraingoan Bizkaiko Batzar Nagusien Instituzio Batzordeak ere Sopela izenaren aldeko hautua egin du, eta gure herrian izandako botoak errepikatu dira: BILDU eta PNV alde eta PSOE eta PP abstentzioa. Izen aldaketa behin betirako egin ahal izateko, azken pausua geratzen da oraindik, erabaki hau berretsi behar du Batzar Nagusien Osoko Bilkurak.
Ikusi euskaltzaindiaren erabakia

Add a comment
0
0
0
s2smodern

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu