Gaur duela 21 urte hil zan erbestean Iñaki Aurrekoetxea Zubillaga Sopelako errefuxiatua

Kategoria gurasoa: Sopela Kategoria: Anti-errepresiboa Noiz sortua: Asteartea, 24 Urtarrila 2017 Argitaratua: Asteartea, 24 Urtarrila 2017

Gerra Zibilaren erbestealdia ezagutu zuen familia batean jaio zen Iñaki. Umetan, oso gustuko zituen mendia eta futbola. Athleticeko gazteen taldean entrenatzen aritu zen, eta Deustuko Arrako taldean jokatu zuen. Txiki-txikitatik, asko erakartzen zuen naturak. Helduagoa zenean ere, nahiago zuen asteburua mendian igaro, Bilbon poteatzen ibiltzea baino. Hala ere, noiz-behinka, Barrenkalen zehar gozatzen zuen, koadrilarekin. Ikasle ona izan zen, eta egindako ikasketa guztiak gainditu zituen, gutxiegi bakar batekin. Ikasketak bukatu ondoren, administrari laguntzaile gisa hasi zen lanean, altzairuen enpresa batean.

Ordurako hasia zen pintadak egiten eta manifestazioetara joaten. Manifestazioetan, beti egoten zen lehenengo ilaran, poliziari harriak botatzeko prest. hamasei urte zituela, euskara bere kabuz ikasten hasi zen. Euskaraz ondo jakitea lortu zuen, Arratiako lagun mendizaleen laguntzaz. 1979an, soldadutza Cartagenan egitea egokitu zitzaion. Baimendutako irtenaldi batean, guardia zibilek atxilotu zuten Bilbon. Kuarteleko eta epaitegiko aldi gogorra igarota, Martuteneko espetxean espetxeratu zuten. Eguberri egunean, Soriako espetxera bidali zuten. Sei hilabete geroago, fidantzapeko askatasuna eman zioten. Irten ondoren, kuartelera itzuli behar izan zen, eta etenik gabe jazarri zuten. Azkenean, Iñakik Frantziako Estatura alde egitea erabaki zuen.

 Parisen geratu zen. Han, Kattalin ezagutu zuen, bere bikotea. Handik lasterrera Baionara joan ziren biak bizitzera. Kattalinek euskara ikasi zuen, eta Iñaki irakasle aritu zen AEKn. Hori guztia, GAL agertu arte.

Iñaki beti beldurrez eta tentsioan bizi zen, eta psikologikoki erasan egin zion. 1989an, izen faltsu batekin ospitaleratu zuten, sukar iraunkor baten ondorioz. Sarkohidosi izeneko gaixotasun arraroa diagnostikatu zioten. Tratamendu gogorra jarri zioten, eta oso gaizki pasatu zuen, nahiz eta haren ahotik kexarik ez irten. Azkenik, Iñaki ospitalean hil zen, 1996ko urtarrilaren 25ean, bere etxean koman zegoela aurkitu ondoren. haren errautsak Meñakotzen -Sopelako kostaldea- eta Iratin -Nafarroako basoa- zabaldu zituzten.

Entengabe

Bisitak: 1289
0
0
0
s2smodern

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu